Europar Batasuneko Horizon 2020 programak finantzatzen duen PLATOON (digital PLAtform and analytics TOOls for eNergy) proiektuak energia arloko Big Datari aplika dakizkiokeen analisi-planteamendu eta tresna berriak eskaintzea du helburu, deskarbonizaziorako trantsizioa bultzatzeko eta energiaren arloko zerbitzu berriak garatzen laguntzeko. Gero eta konplexu eta heterogeneoagoa den egungo ingurunean, PLATOONek energia-sektorearen eredu zentralizatu eta konbentzionaletik beste eredu banatuago baterako trantsizioa errazten du, aldizkako sorkuntzarako energia-iturri berriztagarriak eta gaitasun digital berri eta areagotuak uztartuz. Adimen artifiziala, interoperabilitatea, pribatutasuna nahiz datuen segurtasuna sustatzeaz gain, PLATOONek Datu Espazioen Nazioarteko Elkartearen (IDSA, ingelesezko siglen arabera) arauak betetzen ditu, energia-sektorerako IDSren araberako lehen datu-merkatua errealitate bihurtzeko ahaleginarekin bat eginez. Proiektua 5 herrialdetan (Frantzia, Espainia, Italia, Belgika eta Serbia) gauzatu beharreko 7 erakustaldi-pilotutan baliozkotuko da, energia sektoreko Big Datari buruzko kasu errealei helduz. PLATOONeko pilotuek energia-horniduraren kate osoari dagokion energia-zerbitzuen eskaintza zabala arakatuko dute; besteak beste: energia-aurrezkia, balantze elektrikoa eta parke eoliko, hiri adimendun, eragiketa-gune nahiz bulego-eraikinen mantentze-lan prediktiboak, eredu fisikoen zein adimen artifizialeko (IA) algoritmoen bitartez eragiketa arloko errendimenduak handitzeko asmoz. Era berean, PLATOONeko pilotuek elektrizitatea banatzeko sareen egonkortasunari, konektibitateari eta bizitza luzatzeari, energia kudeatzeko sistema aurreratuei eta mikrosareen energia-kudeaketari erreparatuko diete, nagusiki. PLATOONek merkaturako transferentzia teknologikoa erraztuko du, lehiaketa irekien bidez behar bezala finkatutako lizitazio-prozesu baten bitartez.

Energia sektorearen digitalizazioak eragiketa arloko bikaintasuna areagotzeko aukera erraztuko du, teknologia disruptiboen hedapenari esker. Egungo elektrizitate-sare adimendunen (smart grids) Big Data energetikoak ekosistema paregabea eskaintzen digu datuetan oinarritutako ezagutza ustiatzeko. ENGIE energia arloko enpresa frantziarrak inbertsio handia egin du deskarbonizaziorako trantsizioa enpresa pribatuetan zein maila globaleko tokiko agintaritza instituzionaletan gauzatu ahal izateko. Trantsizio hau ezartzeko xedez, ENGIEk hainbat soluzio integratu eskaintzen ditu zerbitzu gisa, energia-kontsumoa murriztu eta energia-aurrezkia sustatzeko. ENGIEk PLATOON proiektua koordinatzen du Lab CRIGEN laborategiaren bitartez. ENGIE Lab CRIGEN da ENGIE Taldearen I+G arloko erdigune korporatiboa, ENGIEren laborategi-sareari atxikitakoa. Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren Laborategiaz (CSAI Lab) arduratu eta PLATOON proiektua koordinatzen duen Philippe Calvez doktorearen esanetan, PLATOON proiektuari esker, ENGIEk egungo asmo handiko estrategiaren garapena indartu ahal izango du negozio-eredu berrien esplorazioan, soluzio adimendun interoperagarrien garapenean nahiz erabaki aurreratu eta integratuak hartzeko tresnen garapenean, eta aldi berean, iraultza ekologiko eta energetiko honetan sartuta dauden eragileekin elkarreraginean jardun ahal izango du.

Erik Maqueda TECNALIAko datu-analista eta proiektuaren arduradun teknikoaren hitzetan, “PLATOONek modu eraginkorrean integratu eta hobetuko ditu energia sektorean dauden plataforma digitalak, interoperatibitaterako geruza bat sortuz eta datuen gobernantzarako moduluak nahiz datuak aztertzeko tresna erabilerrazak sustatuz. Horrela, benetan digitalizatu eta integratuta dagoen energia sektorea gauzatu ahal izango da, interesa duten eragile guztien datuak partekatuz eta ustiatuz eta, horren bitartez, sareen kudeaketa eraginkorragoa erraztuz, kontsumitzaileen parte-hartzea areagotuz eta datuetan oinarritutako zerbitzuak eta negozio-ereduak sortuz”.

PLATOONek datu-analitikari zein banatutako edge prozesamenduari dagozkien teknologiak ezarriko ditu, sektoreko adituek energia sistemak modu erraz eta optimizatuan eta denbora errealean kudeatzeko aukera izan dezaten. Hainbat alderen arteko datu-trukeaz interesatuta dauden eragileen arteko datuen gobernantza, koordinazioa eta energiaren balio-kateko lankidetza Datu Espazioen Nazioarteko Elkartearen (IDSA) arauak beteko dituen datu-gobernantzarako esparru baten bitartez bermatuko dira. Trukerako ingurune honek eragingo duen datu-merkatu fidagarri eta irekiak datuen truke segurua erraztu eta datuen subiranotasuna bermatuko du, IDSAren printzipioen arabera. Datu-edukiontziek, brokerrek eta merkatuak berak osatzen duten datu birtualen espazioak (IDS), PLATOONen erreferentziazko arkitekturaren osagaia den heinean, datuen gobernantza ziurtatuko du, baita jabetzatik hornitzaile teknologikora egin beharreko transferentzia segurua ere. Fraunhofer Institute for Intelligent Analysis and Information Systems (IAIS) erakundearen arabera, PLATOONek, merkatuaren konfigurazio jakin batean interesatuta dauden eragileen jabetzako datu banatuen fusioa eta prozesamendua erraz ditzaketen datu-arkitektura berritzaileen aplikazioa ahalbidetzen du. Bestalde, proiektuak Comprehensive Architecture for Smart Grid (COSMAG) arkitektura interoperagarriaren gaitasun malguak garatu eta erabiliko ditu energia-kudeaketaren arloko soluzio eskalagarriak eta errepikagarriak eraiki eta ezartzeko. Datu-iturri heterogeneoen, formatuen eta interfazeen arteko interoperatibitatea errazteaz gain, COSMAGek datuen gobernantza eta datuen askotariko jabe eta hornitzaileen segurtasuna bermatzen ditu, eta aldi berean, erraztasun osoz erabiltzeko aukera ematen die energia arloko adituei, aurretiaz ezaguera matematiko handiak izan beharrik gabe.

PLATOON proiektua deialdi irekiaren bidez lizitatzeko prozesuarekin, modu sistematikoan sustatu nahi da merkaturako transferentzia teknologikoa. Honek aukera paregabea ematen du proiektuak enpresetan duen benetako eragina egiaztatzeko, teknologia berrien heldutasuna eta energia-eragileengan duten eragina agerian utziz. Honela, Europa mailako soluzio analitiko aurreratuak eskainiko dituen ekosistema/merkatu irekiaren sorrera sustatzen da, elektrizitate-enpresei energia arloko datuen balioa ahalik eta gehien ustiatzeko aukera erraztuz. Indra Taldeari atxikitako Minsait enpresak, Europako eragile teknologiko nabarmena den aldetik, funtsezko teknologiak integratzen jardun du azken hamarkadan energia-kudeaketaren arloko produktuetan. Institute Mihajlo Pupin erakundearen kasuan, PLATOONek proiektuaren emaitzak ekoizpen eta kontsumo energetikoaren iragarpen eraginkorrari aplikatzeko aukera eskainiko dio, erabiltzaileei zuzendutako sare elektriko adimendunetarako (smart grids) zerbitzuak eskaini ahal izateko. Pupinek energia-ekoizpena kontrolatu eta gainbegiratzeko merkatu-kuota nagusia lortu du Serbian, energia hidrauliko, termiko nahiz fotovoltaikoko instalazioen, parke eolikoen eta transmisio eta banaketa elektrikoaren bitartez.

Energia-sektorearen digitalizazioak tokian tokiko soluzio espezifiko berriak behar ditu, datuen denbora errealeko prozesamendua integratuz.Andrej Čampa ComSensuseko garapen independenteko ingeniariak adierazi duenez, “PLATOONeko pilotu ezberdinetan parte hartuz, algoritmo berriak garatu eta tokian tokiko eszenatoki ezberdinei ekin nahi diegu”. Pau Joan Cortés Forteza Sampol Ingeniería y Obras enpresaren ikerketa arloko arduradunaren hitzetan, “PLATOONek digitalizazioarekin lotutako soluzioak integratuko ditu, 4.0 Industriaren soluzioak energia sektoreko adituen irizpideekin uztartuz, etorkizunean banaketa-sare adimenduna ezartzeko asmoz. Digitalizazioak eginkizun erabakigarria izango du bide honetan, erabilitako watt bakoitza monitorizatuz eta aztertuz. PLATOON eta antzeko proiektuei esker, EBk energia-kontsumo arduratsu baterantz eta gizarte aurreratuago baterantz gidatuko gaitu, ingurumenarekiko errespetua premiazko osagai bihurtuz”. José I. Hormaeche Euskadiko Energia Klusterreko (EKE) zuzendariak zera gaineratu du: “gure ustez, kluster-erakundea garen aldetik, PLATOONen emaitzak giltzarrizkoak izango dira datuetarako sarbidea eta energia sektorean izan dezaketen erabilera errazteko. Gerora zehaztu beharreko arkitekturak, garatu beharreko tresna analitikoek eta datuen gobernantzaren arloan ezarri beharreko arauek aukera eman behar diete balio energetikoaren kateko segmentu desberdinetako enpresei, aktibo energetikoetatik jasotako datuetatik abiatuta, benetako balioa lortzen lagunduko dieten datuak partekatu eta lankidetzan jardun dezaten”.

Sartuz doan soluzio berritzaileei esker, PLATOONek potentziala ukaezina du elektrizitate-banaketarako Europako sareak modernitzatzeko. Edge/datu banatuak prozesatzeko eta datuak aztertzeko ezarpen berriak sartuz, PLATOONek datuak baliabidetzat erabili nahi ditu energia-aurrezkirik handiena lortu ahal izateko. Proiektuaren planteamendua balio-katearen osagai guztiei zuzenduta dagoela kontuan hartuz, azken erabiltzaileen interesak babestea eta konfiantza sortzea funtsezko baldintzak dira PLATOONen inpaktu positiboa bermatzeko eta EBko energia-sektorea horren emaitzetara egokitzea lortzeko. Adrián Quesada Rodríguez Mandat Internationaleko zuzendari eta DPOak argi utzi du: “testuinguru honetan, beharrezko baldintza etiko eta legalak betetzen direla bermatzeari ekingo diogu (datu pertsonalen babesari arreta berezia emanez). Gure asmoa da azken erabiltzaileek PLATOON proiektuan konfiantza izatea, Horizon H2020 programako ikerketa-proiektu arrakastatsuetan egin dugun ibilbide luzeko esperientzietan oinarrituta eta gure erakundearen ezaugarri izan den diziplina anitzeko ezagutza adituari jarraiki”.

PLATOON proiektuari buruzko informazio gehiago lortzeko nahiz proiektuaren bazkide laguntzaile, aholkulari edo enbaxadore bihurtzeko, jar zaitez gurekin harremanetan.

DESKARGATU PRENTSA OHARRA